viernes, 18 de noviembre de 2011

Galtzagorri elkartea

Gaur egun zenbait webgune aurkitu ditzakeguz haur eta gazte literaturaren inguruko informazioarekin. Horren adibide dugu Galtzagorri elkartea. Elkarte honen helburua hau delarik:

Galtzagorri Elkartea 1990ean sortu zen. Bi helburu nagusi dituela esan genezake: haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko haur eta gazte literatura sustatu eta ezagutaraztea. Elkartean, hortaz, literaturgintza mota horrekin harremana duen edonork har dezake parte: idazle eta ilustratzaileek, ipuin kontalariek, irakasleek, bibliotekariek, itzultzaileek, liburu saltzaileek,... haur eta gazte literaturzale den edonork.

Guztiarekin, ez dira hor agortzen Galtzagorri Elkartearen jarduerak, jakina denez, OEPLI erakundean (Organización Española para el libro infantil y juvenil) euskal ordezkaritza bere gain hartzen baitu. Hau dela eta, Espainia mailan antolatzen diren lehiaketetan (Lazarillo sarietan, dela Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionalean) euskal hautagaiak proposatzen ditugu. Horrekin batera, nazioartean haur eta gazte literaturan entzute handiena duen IBBY erakundeak kaleratzen duen Ohorezko Zerrendarako nahiz Andersen sarietarako ere euskal idazle/ilustratzaile/itzultzaileak proposatzen ditu Galtzagorrik.

Urteetako ibilbidean hainbat ekimen finkatu dira Galtzagorriren jardunean. Horregatik, Galtzagorrik urtero hainbat egitasmo antolatu eta sortzen ditu, hala nola areto literarioak, irakurketa mintegia, HGLaren inguruko ikastaro eta topaketak eta irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoak. Azken hauen artean urtero burutzen diren hauexek leudeke:

     - Liburu Gaztea: DBHko ikasleei zuzenduriko Literatur Lehiaketa.
    - Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen      geletatik etengabe bidaiatzen dabilen liburu mailegu zerbitzu berezia.
     - Bularretik Mintzora: 0-6 urte bitarteko haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko kanpaina. Horretarako, beren inguruan dauden helduak (guraso, hezitzaile eta irakasleak) formatzea da honen helburua.

Argitalpenei dagokionez, Galtzagorrik urtean bitan argitaratzen du Behinola, Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bakarra. Bertan, artikulu eta erreportajeetaz gain, liburuen iruzkin literarioak biltzen dira. Bestalde, Galtzagorrik Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Idazleen Katalogoa du plazaratuta.

Haurrentzako produktuen artean, urtero irakurketa agenda bat burutzen du non ilustratzaile ezberdinen marrazkiak agertzen diren urtero; egutegi literarioak ere sortu ditu Bizkaiko hainbat Udalekin lankidetzan. Azken urteetan sortutako areto literarioekin batera haur poesia biltzen duen CDa eta ikus-entzunezko hiru material ere sortu ditu: Jonasen beldurraAnimaliek hizketan zekiten garaian  eta Paperean Hegan euskal ilustratzaileen lanak biltzen dituen DVDak.
Bestalde, Bularretik MIntzora kanpainaren baitan Bularretik Mintzora  eta Sasi Guztien Gainetik CD-liburuak sortu ditugu. Batak zein besteak helduek entzun, ikasi eta umeekin erabiltzeko ereduak biltzen dituzte.

viernes, 28 de octubre de 2011

Euskal haur eta gazte literatura historian zehar

Xabier Etxaniz Erle
Donostia


Euskal Herrian ahozko literatura bizi eta garrantzitsua izan dugu. Ipuin, esaera, igarkizun, jolas eta abarren bilketak aberastasun horren adibide argiak dira. Gurea bezalako herri txiki eta baserri munduari lotutako batean, ahozko literaturak pisu handia izan du. Are gehiago herritar gehienak analfabetoak izan dituen kultura batean. Baina ahozko literatura horrek, berez duen garrantzia eta pisuaz gaina, guztiz oinarrizkoa izan da gure kultura eta tradizioa mantentzeko, euskal literaturak aurre egin dezan eta baita, neurri handi batean, gaur egungo euskal Haur eta Gazte Literatura (HGL) dagoen lekuan egon dadin.

Ezin da, beraz, gaur egungo HGL ulertu ahozko literaturarekin duen zorra onartu gabe; tradizioaren eragina nabarmena da idazle askoren lanetan, hor daude, esaterako, B. Atxaga, P. Zubizarreta edo A. Lertxundiren lanak. Baina ahozko literaturak horrek, hain zuzen, animatu zuen Bizenta Mogel (1782-1854) haurrentzako lehen euskal liburua argitaratzera: Ipuin onac (1804), ipuin miragarrien aurrean Esoporen alegiak primatzen dituen obra.
Haurrentzako liburuak mundu guztian, oro har, nahiko berantiar izan badira ere –eta didaktikoak beren hastapenetan-, euskaraz atzerapen hori orokorra izan zen euskal literaturan, K. Mitxelenaren hitzetan zegokien garaikoak baino zaharragoak ematen zituzten obrak. Horrela Europan alegia XVII. mendean zehar maila gorenera heldu zen bitartean, euskaraz ez zen XIX. mendearen hasiera arte prodesse delectare edo “irakatsi gozatuz” korrontea azaldu (A. Iturriaga, L. Goyhetche edo J. B. Archu, beste batzuen artean).
Garai horretan haur eta gazteentzako liburu bakan batzuk baino ez dira argitaratzen euskaraz. XIX. mende bukaeran baserri eta nekazal mundua bultzatzen zuen erromantizismo berantiarrak eta sortu berria den sentimendu nazionalistak bultzatu egingo dute, lehen ikastolen sorrerarekin batera, haur eta gazte literaturaren hasiera; tematikoki bai teknika aldetik inguruko eta nazioarteko korronteetatik urrun dagoen literatura.
XX. mendearen lehen urteetan hasi ziren sortzen lehen eskola elebidunak Euskal Herrian, eta horiekin batera, argitaldari garrantzitsu bat, Lopez de Mendizabal, ageri gure artean haurrentzako irakurgai eta testu liburuak plazaratuz. Liburu horiekin batera herri ipuinak, haurrentzako lehen antzerki lana edo erlijio liburuak argitaratu ziren.

Eta XIX. mendean nazioartean gertatu zen bezala, euskaraz ere hasten dira helduentzat idatziriko zenbait lan haur eta gazte irakurleak bereganatzen. Horixe jazo zen, esaterako Abarrak (Kirikiño, 1918) edo Pernando Amezketarra. Bere ateraldi eta gertaerak (G. Mujika, 1927) nekazal munduan giroturiko umorezko liburuekin. Herri literatura ere haurrek bereganatu zuten. Barbierren (1931) edo Mayi Ariztiaren (1934) ipuin bilketek, edo Oxobik, batzuen ustez euskal alegiagilerik onenak, 1926an argitaraturiko alegiek hurbildu egin zuten ahozko tradizio hori haurren mundura. Idazlan horiek, eta baita herri ipuin batzuek, oso idazkera eta ilustrazio lan zaindua zuten ziren garairako. Dar-Dar-Dar (1929) edo Txomin Arlote (1929) ipuinak esandakoaren adibide argiak dira. Herri ipuin hauek argitalpen zainduetan plazaratu ziren John Zabalo “Txiki”ren ilustrazio moderno eta aitzindariekin, izan ere, “Txiki” izan da euskal ilustraziogintzaren aitzindarietako bat eta XX. mendeko lehen erdian izan genuen ilustratzaile garrantzitsuena.

HGLren hirugarren zutabea (sorkuntza eta irabazitako literaturekin batera) itzulpena dugu. Beste hizkuntzetatik euskarara eginiko ekarpenak. Alde horretatik aipagarria da euskaratutako idazlanen aniztasuna; hor daude, esaterako, Grimm anaien ipuinak (1929) edo Schmidenak (1929), O. Wilderen (1927), Croceren (1932) edo beste askoren lanekin batera.

Hau guztia euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren hastapena izan zitekeen baina Espainian 1936an sorturiko gerrak, eta batez ere ondoren errepresioak, bat-bateko haustura ekarri zuen euskal letretan.

www.gernika.ru/ahotsak-etik hartuta!

Gaur egungo literatura ulertu nahi badugu uste dut beharrezkoa dela euskaldunon historian zehar literaturak jazan dituen gertaera orokor eta gutxi batzuen jakintza izatea.

Nahikoa gaurkoz! Datorren ostiralean gehiago! asteburu ona pasa! :)

viernes, 21 de octubre de 2011

Ipuin sexistak saihestu!

MEDRANO, Bea: Hezkidetza arloko ikerlari

Ipuinen eragina azpimarratu du Bea Medrano ikerlariak artikulu honetan. Esaten duenez, ipuinak askatzaileak izan daitezke haurrentzat, baina baita mugatzaileak ere, sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera estereotipatuak markatzen badituzte. Haur literaturak berdintasunerako bidea zabal dezakeela azpimarratzen du Medranok, eta ipuinak aldatzea errealitatea aldatzea baina errazagoa denez, urratsak hortik ematen has gaitezkeela dio.

Erase una vez un lobito bueno al que maltrataban todos los corderos
Había también un príncipe malo, una bruja hermosa y un pirata honrado.
Todas esas cosas había una vez
Cuando yo soñaba un mundo al revés. 
José Agustín Goytisolo
Behin, bost urteko haurren gela batean, inauterietan jantziko zuten mozorroei buruz hitz egiten ari ginela, hara!, sexuen araberako banaketa argia eman zen, nesken artean maitagarri edo printzesa mozorroak ziren aukeratuenak, mutilentzat berriz, super heroiak. Aukera horretan fikziozko pertsonaiarekin eta osatzen duten ezaugarriekin identifikatzen ari ziren eta horrek, jendarteak haur bakoitzarentzat marraztu duen bidea islatzen du.
Haurren aukera hori baldintzatu duten eragileak eta faktoreak asko badira ere, nik ipuinen eragina azpimarratu nahiko nuke. Ipuinetan gauza zoragarriak gertatzen dira, irudimena bultzatuz mundu fantastikoekin amets egitera gonbidatzen gaituzte, edo jakinmina piztuz ondoan dugun errealitatea ezagutarazten digute. Ipuinak askatzaileak izan daitezke haurrentzat, baina baita mugatzaileak ere, sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera estereotipatuak markatzen badituzte.
Neska eta mutilen identitatearen eraikuntzan generoak agintzen dituen arauak, eta ondorioz sortzen diren desberdintasunak gainditu nahi baditugu, ipuinak ere aztertu beharko ditugu, txiki txikiak garenetik haien bidez mezuak jasotzen ari garelako. Ipuina aldatzea errealitatea aldatzea baino errazago delako, urratsak hortik ematen has gaitezke.
Baina, zer da ipuin sexista?
Erantzuna ematea baino hobea izango da norberak bere diagnostikoa egitea. Horretarako, erabiltzen ditugun ipuinak hartu eta aztertu beharko ditugu.
Zeri erreparatu behar diogu?
Irudiekin has gaitezke; irudiari berebiziko garrantzia eman behar zaio 0 eta 6 urte bitarteko haurren ipuinetan. Adin horietan irudiak testua baino indar handiagoa dauka, begietatik arinago sartzen baita informazioa.
Baloratzeko, irudiak zenba ditzakegu:
- Zenbat neska/emakume daude?
- Protagonistak dira, edo bigarren mailakoak?
- Zer egiten agertzen dira? Non daude?
- Nolakoak dira fisikoki? Nola daude jantzita? Zelako edertasun eredua islatzen dute?
Eta mutilekin/gizonekin gauza bera egingo genuke.
Istorioari dagokionez, antzeko prozesua egin behar dugu:
- Zein da protagonista? Neska al da? Mutila al da? Zer egiten du?
- Zer egiten dute neskek/emakumeek istorioan? Nolakoak dira? Eta mutilak? Nolako amaiera dauka? Zein da emakumearen papera amaieran? Zein da mezua?
Eta, pertsonaiak animaliak badira?
Lehenago egin dugun modura, begiratu ea animaliak rol femeninoetan eta maskulinoetan agertzen diren, eta bakoitzari zer nolako ezaugarriak egokitzen zaizkion.
Galdera horiei erantzunez pertsonaia maskulino eta femeninoen bidez genero estereotipoak bultzatzen ari direla, eta, ondorioz, bai neskentzat, baita mutilentzat ereduak mugatzaileak direla ikusten baduzu, ipuina sexista dela ondoriozta dezakezu.
Eta ditugun ipuinak edo haurren gustukoak direnak oso egokiak ez direla iruditzen bazaigu, zer egin dezakegu? Sexista den liburu bat erabil dezakegu? Edozein ipuin izan daiteke baliagarria. Tradizionaletan, adibidez, genero rolak eta estereotipoak oso markatuta dauden arren, hor agertzen dena zalantzan jar dezakegu, ipuinari beste amaiera posible bat emanez, ipuin batetik beste ipuin batzuk sortuz (non rol tradizionalak kolokan jartzen diren), pertsonaiei sexua aldatuz eta ea zer gertatzen den ikusiz, haur bakoitzak pertsonaia bat hartu eta egoera horretan zer egingo lukeen asmatuz, ipuina gaur egungo errealitatearekin alderatuz…
Ipuina aukeratu beharko bagenu, zeri erreparatu beharko genioke?
Hurrengo puntuetan kontuan hartzeko irizpide batzuk agertzen dira:
- Nesken eta emakumeen paper aktiboak.
- Emakumeak hainbat lanbidetan, arrakasta duten amak, kiroletan ausartak…
- Emakumeen edo neskatilen ametsa ez izatea beti printzea edo mutila topatzea, beste mota bateko helburuak agertzea.
- Sentimenduak adierazten dituzten mutilak eta gizonak, borroketan beldurtzen direnak, lehia gustuko ez dutenak edo autoa konpontzen ez dakitenak. Etxeko lanak betetzen dituztenak.
- Etxeko lanetan aritzen diren seme-alabak.
- Bizitza propioa duten amak eta amamak, lagunekin ateratzen direnak.
- Beste familia ereduak, aniztasuna, bikote homosexualak, ama-seme alabekin, aita seme-alabekin.
- ...
Zer ez dugu egin behar?
- Neskak eredu maskulinoan murgildu eta feminitatearen ezaugarriak baztertu.
- Genero desberdintasunak gainditzen saiatu eta beste desberdintasunei eutsi.
Haur literaturak berdintasunerako bidea zabaldu eta bultza dezake haurrek pertsona eredu berri baten erreferentea izateko.
Gaur egun hainbat alternatiba aurkitu ditzakeguz ohikoak diren ipuin matxista eta sexista hauek saihesteko, hala nola, horren eredu da "Mri Zipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi" ipuina.

Bertan Mri Ziopriztin betiko gizarte kanonetaz eta baita bere senargaiaz nazkatuta etxetik alde egiten du, eta berak benetan bizi nahi duen bizia bizitzera inpultsatua sentitzen da.
 Abesti bat ere badu ipuinak:



Guztion artean posible da ikuspegi feminista batetik haurrak txikitatik hezi emakumeen zapalketa eguneroko ogia den gizarte kanon hauek zapusteko. Gutxika hasiz eta erraldoi eginez!

viernes, 14 de octubre de 2011

Oparitzeko ipuinak

Askotan gertatu ohi da haurren bati opari bat egin behar diogula. Eta zer hobe ipuin bat oparitzea baino. Haurrak era dibertigarri eta didaktiko batean ikasteko.
Ipuinak adinaren arabera aldatzen dira eta honek are zailtasun handiagoak dakartza aukeratzeko momentuan. Hori dela eta zuen oparia errazteko  nik neuk gomendatzen dizkizuedan ipuin batzuk aipatuko dizkizuet segidan.

· 0-2 urte bitartean
- Kras-kras krokodiloa
- Gabon hartzatxoa
- Gure umetxoa
- Ikasi alfabetoa jostatuz
- Munstroak nonahi

· 2-4 urte bitartean
- Hiru txerrikumeak
- Zazpi antxumeak
- Kipulak
- Kattalin udan
- Tulipan txikia
- Suhiltzailearen hankak
- Berakatz zopa

· 4-7 urte bitartean
- Amaia mendian
- Amaia eta tutua
- Bobi bota
- Teo-ren bilduma
- Ibai-ren bilduma
- Hontz txikia

· 7-9 urte bitartean
- Nikolas txiki
- Xola eta lehoia
- Eta zer? bilduma
- El barco de vapor saileko laranja kolorekoak.
- Triste nago
- Pirritx eta Porrotxen bilduma
- Rosa caramelo
- Suge dragoitxo
- Ipuin klasikoak (Txanogorritxo, Hiru txerrikumeak, Hamelingo txirularia…)
- Martarentzat eskutitza

· 9-12 urte bitartean
- Harry Potter
- Mafalda
- Gabai
- Tintin
- Munduari bira 80 egunetan
- Manolito laubegi
- Mortadelo eta Filemon
- Hotzikarak bilduma
- El barco de vapor saileko laranjak
- Kika supersorgina

· 12 urtetik aurrera- Ispiluen gainean lotan
- Ostegunak
- Ostiralak
- Lehen amodioa Suedian
- Amodioaren gazi gozoak
- Michael Enderen liburuak (Istorio amaiezina…)
- Ipuin batean bezala
- Ostadarra sutan
- Zer duzu Nuria?
- Margolaria
- Hiru ahizpak

Zerbaitetan balio izan zaizuelakoan, agur bero bat!

viernes, 30 de septiembre de 2011

Blogarekin lehenengo esperientzia

Gaur etorri naiz lehen aldiz unibertsitateko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien klasera.
Segituan murgildu gara blogen mundu zabalean eta esan beharra dut guztiz hasiberria naizela honetan.

Irakasleak hezkuntzaren inguruko gai bati buruzko blog bat sortzea proposatu digu eta nire interesen arabera erabaki dut. Hori dela eta Haur literaturaren inguruan idatziko dut, beti ere Euskal literaturan gehiago sakonduz.
Sarreretan interesgarriak iruditzen zaizkidan artikuluak, iritziak zein nire hausnarketak publikatuko ditut.

Besterik gabe, joango naiz sarrerak berritzen.            

Ongi izan!